XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sendotze horren seinale dira, besteak beste, maiatzaren 29ko 147/1990 Dekretua, barnetegien sorrera eta ihard-modua arautzen duena, 1990eko ekainaren 19ko Agindua, Euskal Girotze Barnetegiak sortu eta beraien langile-osakera zehazten duena eta azkenik, urte eta egun bereko Agindua, Euskal Girotze Barnetegietako lanpostuak betetzeko merezimendu-lehiaketarako deia egiten duena.

1991-92 ikasturterako laugarren barnetegia ireki zuen Hezkuntza Sailak Elgoibarren, 1991ko ekainaren 11ko Aginduaren bidez (19ko EHAA).

Barnetegi hauen helburu nagusia etxeko eta kaleko erdal giroan bizi diren haurrei euskal giro aberats bat ezagutzeko eta, are gehiago, bertan euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea da, honela beraien euskara ikasteko prozesuari bultzada eragingarria emanez.

Batez ere, zera lortu nahi da: euskaraz lehen pausoak ematen ari diren ikasleei, hizketan askatu ezin hori gaindiaraztea, euskaraz komunikatzeko gai direla konturaraziz beren buruekiko segurtasuna eta konfidantza sortzea eta hitz etorria indartzea.

Beraz, barnetegien xede nagusia ikasleen hizkuntza gaitasuna indartzeko ekintzak burutzea da.

Ekintza guztiok garaiz prestatu eta jakinarazten zaizkie bertara joan behar dutenei.

Etxe hauetan bi asteko egonaldiak egiten dituzte B eredukoek eta aste betekoak A eta D eredukoek; beti ere ikasgela osoak izaten dira, bere irakaslearekin.

Barnetegi hauen antolamendua kurtso garairako da, aste bete edo bian behin (ereduaren arabera) eta aurreko ikasturte amaieran finkatutako egutegiaren arabera bertaratzen diren ikasgelak aldatuz.

1.2. Urteroko jarduna, parte hartzeko modua eta arautegia

Hezkuntza Sailak urtero Aste Santu inguruan egiten du Euskal Girotze Barnetegietarako deialdia.

Ikastetxeetara igortzen dira informazioa eta eskabide-orriak, interesatuz gero bete eta hilabete-hilabete t'erdiko epean Hezkuntza Ordezkaritzetan entrega ditzaten.

Ikasturte bukaera baino lehen biltzen da batzordea eskabideak aztertu eta hurrengo ikasturte osorako taldeak erabakitzeko.

Eskabidea egin duten taldeei ikasturte amaieran ematen zaie erabakiaren berri, aukeratuak izan diren, ordezko gisa geratu diren ala aukeratuak izan ez diren jakinaraziz.

Aukeratuak izan diren taldeen irakasleei barnetegietan bertan irailaren hasieran programaren eta prestakuntzarako aurrelanen berri zehatza emateko egiten den bilerarako deia egiten zaie, bide batez.